• Albisteak

Webinar : Nola aurkeztu proiektuak Euroeskualdeak deitutako “Ezagutzaren ekonomia” proiektuen deialdira?

Euskampus Bordele campuseko 25 parte hartzaile –ikertzaileak, gehientsuenak–  Euskampus Fundazioak antolatutako online informazio saio interaktibo batean izan ziren uztailaren 21ean, 16:00etatik 17:00etara, Euroeskualdeak 2020ko irailean aurkeztuko duen “Ezagutzaren ekonomia” proiektuen deialdiaz  mintzatzeko. 

Saiora bertaratzerik izan ez bazenuen, edo deialdiari buruz informazio zabalagoa eskuratu nahi baduzu, hona hemen bideora eramango zaituen esteka  eta aurkezpena.

Webinar horretan,  Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdea AECT  erakundeak, Euskampus Fundazioaren babesarekin, “Ezagutzaren ekonomia” deialdiari buruzko informazioa zabaldu zuen eta parte hartzaileen galderei erantzun zien. Euroeskualdearen izenean, Arola Urdangarin zuzendaria eta Leyre Azcona proiektuetako teknikaria jardun ziren.

Deialdi horrek askotariko eragileen arteko lankidetza bultzatu nahi du euroeskualdeek dituzten erronketan, eta lurralderako funtsezkoak diren sektoreen inguruan euroeskualde-ekosistemak sortzea du helburu. Hori dela eta, interesgarria izan daiteke Euskampuseko eta/edo Euskampus Bordele campuseko ezagutza poloen dinamikan sartuta dauden talde eta/edo ikertzaileentzat, eta/edo Euskadiko, Akitania Berriko eta Nafarroako eragileekin jada harremanetan dauden edo lankidetzan jarduteko loturak ezartzeko interesa dutenentzat, arlo tematiko hauetakoren batean koka litekeen proiektu-ideiaren bat planteatuz gero:

  • Aeronautika – Aeroespaziala – Fabrikazio aurreratua – Automobilgintza
  • Nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria
  • Osasuna/Bio – Osasuna – Silver Economy
  • Energia berriztagarriak
  • Itsasoko eta itsasertzeko baliabideak 

Webinar honek Euskampus Fundazioak 2020-2012 ikasturtean zehar Euskampus Bordele komunitatearekin izango dituen aldizkako topaketen zikloa inauguratu zuen.

Webinar honetara esteka: “Nola aurkeztu proiektuak Euroeskualdeak deitutako “Ezagutzaren ekonomia proiektuen deialdira?”

 

 

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.