ONKO-ON

ONKO-ON MISIOA

MINBIZIAREKIN BIZI DIREN PERTSONEN BIZI-KALITATEA HOBETZEA, HURBILKETA SISTEMIKO BATETIK ABIATUTA

Zer da?

  • Maiatzaren 6an, 7an eta 8an egingo dira ONKO-ON Misioaren Aukeren Sorkuntzarako Tailerrak. Informazio gehiagorako, kontsultatu gure Newslettera.

ONKO-ON Misioaren helburua Euskadin minbiziarekin bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea da, tratamenduetan jarduera fisikoa, elikadura eta ongizate emozionala integratuz.

Ekimen honek interes-talde guztiak aktibatzea eta inplikatzea lortu nahi du, minbiziak pertsonentzat eta gizartearentzat dakarren erronka handiari 360°-ko ikuspegitik heltzeko.

Azken helburua ebidentziak eta proposamen eraldatzaileak eskaintzea da, pertsonak esperientzia onkologikoaren fase desberdinak hobeto jasaten laguntzeko, biziraupen-fasea edo “minbiziaren ondoko bizitza” barne. Azken finean, pertsona guztientzat irisgarria eta sendoa den laguntza-sistema bat sortzen laguntzea da helburua, etapa bakoitzean lagungarri izan diezaien eta behar dituzten baliabide eta tresnak eskaini diezazkien.

Irakurtzen jarraitu

Nola egiten dugu?

ONKO-ON Misioa hiru motorren inguruan antolatzen da, eraldaketa bultzatu eta inpaktu positibo eta iraunkorra bermatzeko:

  • Ikerketa-motorra: Pertsonen, diziplinen eta erakundeen arteko lankidetza eta aliantzak sustatzea, ebidentzia zientifikoa sortzeko funtzio eta helburu zehatzekin.
  • Zerbitzu-motorra: Zerbitzuak elkarlanean sortzea, osasun-arretan integrazioan laguntzeko eta osasunaren, bizi-kalitatearen eta esperientziaren emaitzak hobetzeko.
  • Parte-hartze-motorra: Minbizia duten pertsonekin (pazienteak, senideak, zaintzaileak, osasun-profesionalak) batera sortzea.


Erronka handi honi aurre egiteko eta dituen gaitasunak osatzeko, Euskampus Fundazioak lankidetza estrategikoa osatu du The Care Lab-ekin —osasun eta zaintza-sistemen eraldaketan eta arreta-eredu berrien sorkuntza partizipatiboan espezializatutako diseinatzaileen erakundea—. Elkarrekin ari dira lanean funtsezko eragileak (stakeholders) identifikatzen eta inplikatzen, erronkaren definizio eta testuinguru-kokatze egokia bermatzeko, aukerako nitxoak identifikatzeko eta ekintza zehatzak elkarrekin proposatzeko.

ONKO-ON Misioak ikuspegi integral eta jarraitua du oinarri, minbiziak jotako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Laguntza-programa multidimentsional baten bidez, osasuna eta ongizatea modu integratuan sustatzen ditu, alderdi fisikoak, emozionalak eta sozialak landuz.
 

Motibazioa

Minbizia da Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAE) heriotza-kausa nagusia, 28,1% .arekin. Espainiako Minbiziaren Aurkako Elkartearen (AECC) datuen arabera, emakumeen heren batek eta gizonen erdiak izango dute minbizia bizitzan zehar, beraz, herritar guztiak biziko dira, nola edo hala, minbiziarekin.

Gaixotasun hau askotan tratamendu gogorrak eskatzen ditu, eta horiek ondorio larriak ekar ditzakete. Zorionez, zientziaren eta osasunaren aurrerapenei esker, gaur egun lehenago diagnostikatu daiteke eta kasu askotan pronostikoa hobetu. Hala ere, minbiziaren eragina osasun-esparrua baino haratago doa; bizitzako alderdi askotan du eragina. Minbiziarekin bizitzeak erronka pertsonalak dakarzkie pertsonei: bizitza-proiektua jarraitzeko gaitasuna, enplegua, baliabideen eskuragarritasuna… Azken batean, bizi-kalitatean eragiten du, bai gaixotasuna pairatzen dutenentzat, bai haien ingurukoentzat.

Bestalde, minbiziak lurralde baten ekonomian ere eragin nabarmena du. Intzidentzia gero eta handiagoak osasun-sistemetan presio handia eragiten du tratamenduen eta ekipamendu medikoen kostu altuengatik, eta produktibitatea ere murrizten du, lan-bajak eta heriotza goiztiarrak direla eta. Makroekonomiari dagokionez, horrek guztiek eragin negatiboa dute ekonomiaren bilakaeran, eta, maila indibidualean, etxeen egonkortasun ekonomikoa ahultzen du, bizitza-kalitatea murriztuz.

Testuingurua/Aukera

Europa mailan, Horizon Europe programaren baitan, Minbiziaren Aurkako Misioa da 2030erako % 70eko biziraupen-tasa lortzeko finkatutako mekanismoetako bat, hori lortzea baita Europar Batasuneko Minbiziaren Aurkako Estrategiaren helburu nagusietako bat. Ikuspegi berritzaile honek minbiziaren prebentzioa eta kudeaketa hobetzeko ekintzak sustatzen ditu, ikerketa, berrikuntza eta politika publiko sistemiko eta integralak modu koordinatuan biltzen dituen ikuspegitik abiatuta.

Gainera, ONKO-ON Misioa bat dator Euskadi 2030 Osasun Planarekin, eta arreta berezia eskaintzen die EAEko Minbiziaren Plan Integratu berriko eta Osasun Itunaren estrategia-ildo berriei (garapen-prozesuan daude).
 

2023tik aurrera, UPV/EHUko 16 ikerketa-taldek baino gehiagok osatutako komunitate batek ONKO-ON Akademia sortu du, zeinak, batetik, prozesuari ikerketa-zorroztasuna eta metodologia emateko lan egiten baitu eta, bestetik, gainerako eragileekin izandako elkarreraginetatik lortutako emaitzekin bere ikerketa-jarduera aberasten baitu. Etengabeko ikerketa-gaitasun berrien bila gabiltza, ONKO-ON misioari ekarpena egingo dioten gaitasunen bila, hain zuzen.

2024tik, Euskampus eta The Care Lab elkarrekin ari dira lanean Aktibazio Planean (Engagement Plan), gizarteko eragile garrantzitsu guztiak inplikatzeko helburuarekin.

Maiatzaren 6an, 7an eta 8an egingo dira ONKO-ON Misioaren Aukeren Sorkuntzarako Tailerrak. Informazio gehiagorako, kontsultatu gure Newslettera.

1Informe de Gobierno Vasco “Cáncer en la Comunidad Autónoma de Euskadi (2001-2021)

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa