EMPACT I3 FICOBA

EmPACTi3 - Interreg POCTEFA proiektua aurkezteko ekitaldia Beste urrats bat EMPlegagarritasuna impAKTuarekin lortzeko mugaz gaindiko lurraldearen trantsizio erronketan.

Ekainaren 21ean, FICOBAn (Irun), EmPACT i3 “EMPlegagarritasuna impAKTuarekin” proiektuaren lehenengo topaketa egin zuten Euskadi eta Akitania Berriko erakunde publiko eta pribatuek eta irakasle taldeek.

 

EmPACT i 3 mugaz gaindiko proiektu bat da, Interreg POCTEFA VI (2021-2027) programak kofinantzatua. Euskampus fundazioa da proiektuaren burua eta Universidad del País vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatearekin (UB) batera garatzen da, Euskampus Bordeaux Campusa aliantza estrategikoaren esparruan.

Bere helburua etorkizuneko profesionaletan ezagutzak eta gaitasunak garatzea da, Akitania Berriaren eta Euskadiren arteko mugaz gaindiko lurraldeko trantsizio erronkei aurre egiteko.

Erronketan Oinarritutako Hezkuntzaren (Challenge Based Education) ikuspegian oinarritzen da proiektua, eta hiru arlo nagusi lantzen ditu:

  • ozeanoen osasuna eta jasangarritasuna plastikoen kutsadura abiapuntu izanik,
  • itsas energia berriztagarriak eta trantsizio energetikoa oro har,
  • eta ekonomia zirkularra.

Lehen topaketa horretan 40 pertsonak hartu zuten parte, eta 2024ko urtarriletik birtualki lanean ari dira, erakundeen eta unibertsitateen arteko lankidetza proiektuak definitzeko, lurraldearen benetako gaiak eta premiak abiapuntutzat hartuta. Elkar ezagutzeko, EmPACT i3 komunitatean duten zereginaz jabetzeko eta 2024-2025 ikasturtea hasten denetik aurrera hainbat diziplinatako ikasleei proposatuko zaizkien erronkak eta proiektuak zehaztean aurrera egiteko aukera izan da.

Dagoeneko lanean ari diren irakasleak UPV/EHUkoak, UBkoak, ESTIA Ingeniaritza Eskolakoak eta Sciences-Po Bordeauxkoak dira, eta askotariko prestakuntza eta diziplinatakoak dira (Arte Ederrak, Hezkuntza/Pedagogia, Erizaintza, Psikologia, Biologia, Letrak, Gizarte eta Komunikazio Zientziak, Kimika, Kirolaren Management, Trantsizio Energetikoaren Gobernantza, Ingeniaritza…).

Lankidetza proiektuen oinarri diren gaiak proposatzen ari diren erakundeen artean, Euskadiren aldetik hauek daude: Gaia Klusterra, Mater ekomuseoa, Albaola, Emaús, Tecnalia, Gureak eta Surfrider España; Akitania berriaren aldetik, berriz, honako hauek: la Communauté de Communes Maremne Adour Côte Sud (MACS), Communauté d'Agglomération Pays Basque, GIS Littoral basque (Euskal Itsasbazterreko Interes Zientifikoko Taldea), Ramsay Santé Polo Aquitania taldea, Rivages Pro Tech-Suez Environnement, Compositadour, Resak eta Libreplume.

empacti3
Irudian: EMPACT i3 workshopa FICOBAn

Kasu honetan, gainera, POCTEFA programako erreferenteak ere baditugu, bai Eusko Jaurlaritzakoak bai Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseilukoak (CD64). Zenbait dinamikaren bitartez, sakon ezagutu ahal izan zuten elkar, osatzen duten kolektiboaz jabetu ahal izan ziren eta jasangarritasunarekin lotutako proiektuei forma eman ahal izan zieten; proiektu horiek datozen hilabeteetan lankidetzan garatuko dituzte.

 

empacti3
Irudian: EMPACTi3 proiektuaren irismena

 

Tailerraren hasieran, “icebreaking” jarduera bat egin zen kulturarteko ulermena eta enpatia sustatzeko, hiru hizkuntza ofizialak (euskara, frantsesa eta gaztelania) eta ingelesa erabiliz. Proiektuak hizkuntza, kultura eta diziplina aniztasuna sustatzen du, komunitatearen eta garatzen diren lankidetza proiektuen aberastasun iturri gisa.

Proiektu taldeen araberako lan saio bat egin ondoren, irakasleez eta lurralde erakundeez osatutako mugaz gaindiko taldeek osoko bilkuran aurkeztu zituzten ikasleei proposatuko dizkieten erronkak eta proiektu ideiak, datorren ikasturtean garatuko dituztenak beren prestakuntzaren esparruan. Mugaz gaindiko enplegagarritasuna sustatzeko xedez, Euskadiko eragileek proposatutako erronkei Akitania Berriko ikasleek egingo diete aurre, eta Akitania Berriko eragileek proposatutakoei Euskadiko ikasleek. Ikasle bakoitzak erakunde kolaboratzailean egonaldi labur bat egiteko aukera izango du.

Jardunaldiaren amaieran, UPV/EHUko Hezkuntza Aholkularitzako Zerbitzuaren koordinatzaileak, Idoia Zarrazquinek, berriki inauguratutako CBEi3lab (Challenge Based Education i3) laborategi iraunkorra aurkeztu zuen. EmPACT i3 proiektuak erronketan oinarritutako ikuspegiarekin laguntzen dio laborategi horri. Lan jardunaldi erdi horri esker, proiektu multzo bat planteatu da, eta oraindik ere irekita dago hemendik irailera bitartean erronka berriak planteatzeko aukera lurraldearen trantsizio erronkekin konprometituta dagoen diziplinarteko, kulturarteko eta mugaz gaindiko komunitate horrekin bat egin nahi duten beste erakunde eta irakasle batzuekin. < p> 

Gehiago  EMPACTi3 proiektuari buruz.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.