
EmPACTi3 mugaz gaindiko proiektuaren ‘Enplegagarritasuna Inpaktuarekin’ Ibilbidearen lehen workshopa, 2025eko otsailaren 13a, Irun (FICOBA)
“Mugaren bi aldeetako ikasleek, ikertaldeek eta eragile sozioekonomikoek elkarrekin egiten dietenean aurre lurralde trantsizioen erronkei”.
Otsailaren 13an, Irunen (FICOBA, 9:30-13:30), EmPACTi3 mugaz gaindiko unibertsitate arteko proiektuak proposatzen duen ‘Enplegagarritasuna Inpaktuarekin’ 2024-2025 Ibilbidearen lehen workshopa egin zen. Proiektua 2025eko urtarrilean jarri zen martxan, joan den ekainean lehen topaketa bat egin bazen ere. Proiektuaren buru dira Euskampus Fundazioa (bazkide koordinatzailea), Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibertsitatea (UB), eta kokatzen da Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko Campusaren programaren ‘Prestakuntza eta Enplegagarritasuna’ ardatzean. INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra Programak (POCTEFA 2021-2027) kofinantzatzen du.
EmPACTi3 proiektuan, mugaz bi aldeetako hainbat diziplinatako ikasle nahiz irakasleek eta erakunde publiko nahiz pribatuek lantaldeak osatzen dituzte, aurre egiteko elkarrekin lurralde trantsizioen erronkei, ikasturte osoan ikerketa eta esku-hartze proiektu zehatzak eginez, erronketan oinarritutako ikuspegi pedagogiko batetik (Challenge Based, ingelesez).
Foto de grupo
Tailer eleanitz eta kulturarteko honek lehen aldiz bildu du aurten proiektuan parte hartzen ari den diziplinarteko komunitate osoa:
- UB, ESTIA, Sciences Po Bordeaux eta UPV/EHUko gradu, master eta doktoregoko 30 ikasle.
- Unibertsitate ikastegi horietako 24 irakasle. Hainbat esparru eta sektoretako 10 erakunde, mugaren alde banatakoak, hala nola:
- Euskadin: Mater Museo Ekoaktiboa, Albaola Itsas Kultur Faktoria, eta Gureak Taldea (desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea).
- Akitania Berrian: Maremne Adour Côte Sud (MACS) Mankomunitateko PARCC Arte Garaikideko Zentroa, Rivages Pro Tech- Suez Environnement enpresa (uraren kalitatean espezializatua), Compositadour plataforma (konposatuak, robotika eta fabrikazio gehigarria), Resak elkartea (hondakin plastikoen aurkako borroka Euskal Herriko eta Landetako itsasertzean), Salbamenduko Euskal Batzordea (CCBMNS), Maison des Rivages (itsasertzaren inguruko esku-hartzeak ikuspegi kultural batetik) eta Libreplume (haur eta gazte literaturaren sustapena).

Komunitate osoari eginiko ongietorri eleanitzaren ondoren (non, besteak beste, proiektuari buruzko argibideak eman ziren), taldeak jarduera kolektibo bat egin zuen, hizkuntza aniztasunari buruzko kontzientzia sortzeko, funtsezkoa proiektu honetan. Gainera, bai akreditazioetan bai horma-irudian jakinarazi ziren parte-hartzaileen hizkuntza ezagutzak, pertsona guztiek jakin zezaten zer hizkuntza ulertu edo hitz egiten zuen aurrean zuen pertsonak, komunikazioa errazte aldera.
Otsailaren 13ko workshopean, parte-hartzaileek aukera izan dute:
- Elkar ezagutzeko, lantalde bereko ikasle, irakasle eta erakundeek.
- Proiektuak abiatzeko eta ezagutzeko, banakakoak eta kolektiboak, inplikatutako unibertsitateekin eta erakundeekin aurten elkarlanean landuko diren 11 erronkei lotuak.
- Lan programak eta mugaz gaindiko mugikortasuna antolatzeko. Ikasle bakoitzak astebeteko egonaldia egingo du mugaz bestaldeko erakunde batean (Euskadiko erakunde batean, Akitania Berriko ikaslea bada, edo Akitania Berriko erakunde batean, Euskadiko ikaslea bada).
- Ingurune malgu eta eleaniztun batean lan egiteko, lagungarria hizkuntza aniztasunaren eta horrek duen aberastasunaren gaineko kontzientzia pizteko. Proiektuan, 4 hizkuntza erabiltzen dira batik bat (3 tokiko hizkuntza, hala nola euskara, frantsesa eta gaztelania, eta ingelesa, lingua franca gisa). Hizkuntza horiei beste batzuk gehitzen zaizkie, nazioarteko ikasleei esker.
Ikasleek 11 proiektutan lan egingo dute aurten, helburua izanik aurre egitea gizarte-ingurumen trantsizioen hiru esparruei loturiko “erronkei”. Adibide gisa, era honetako gaiak landuko dira esparru horietako bakoitzean:
- Ozeanoen osasuna eta jasangarritasuna: bainatzeko uren kalitatearen neurketak eta analisia, arreta jarrita plastikoek eragindako kutsaduran; ozeanoarekiko lotura seguru eta jasangarria sustatzea; padurak dituzten biosfera erreserbetako biodibertsitateari buruzko sentsibilizazioa, artearen bidez.
- Trantsizio energetikoa: Euskadiko eta Akitania Berriko komunitate energetikoen garapenaren eta gobernantza ereduen azterketa konparatua.
- Ekonomia zirkularra: plastikozko itsas hondakinak erretiratzea; materialen zirkulartasunaren azterketa eta produktu berrien prototipatua; erretxina jasangarri baten garapena eta balidazioa; irtenbideak prozesu industrialetan sortutako plastikoen isurketen arriskuarentzat.
Jardunaldian, taldekako lanaz gain, osoko saio bat egin zen, proiektuak bateratzeko. Jardunaldia ixteko, tresna interaktibo baten bidez, bildu eta partekatu egin ziren proiektu multzoak hiru trantsizio esparruetan izango duen inpaktu motari buruzko pertzepzioak. Amaitzeko, parte-hartzaile bakoitzak hitz batean laburbildu zuen proiektuaren espiritua.
Nabarmentzekoak dira hodeia osatu zuten partaideek proposatutako hitzen artean: impacto, collaboration, komunitatea edo teamwork. Den-denak, topaketaren logika kolaboratibo eta eleanitzari lotuak.
Hauxe izan zen emaitza:

Proiektuaren espiritua definitzen duen hitzen hodeia

Lankidetza proiektuak 2025eko ekainera arte egongo dira martxan. ‘Enplegagarritasuna Inpaktuarekin’ 2024-2025 Ibilbidearen hurrengo workshopa egingo da apirilaren 10ean, eta emaitzak aurkezteko azken ekitaldi bat ere egingo da, ekainaren 13an. Ibilbidearen bigarren edizioa 2025-2026 ikasturtearen hasieran abiatuko da. Parte hartzeko interesa duten erakundeek eta irakasleek helbide honetara jo dezakete gaurtik bertatik: empacti3@euskampus.eu.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu