Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu - Ana Zubiaga
  • Bloga

Emakumeak lanbide zientifikoan: non gaude eta non egon nahi dugu - Ana Zubiaga

1. irudia: emakumeen talentua erakarri, eutsi eta ibilbide profesionala berdintasunean gauzatzeko neurriak garatzea beharrezkoak dira genero-hutsuneei aurre egiteko. (Argazkia: RAEng_Publications – Pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

L’Oréal Fundazioak oraintsu eginiko estatuen mailako inkesta baten arabera, herritarren %63k uste zuen emakumeek ez dutela balio goi-mailako zientzialariak izateko. Inkestatuen zati handi batek uste zuen emakumeek ez dutela “zientziarekiko interesa, adorea, jarrera arrazionala, praktikotasuna edota izaera analitikoa”. Mota horretako iritziek, gure gizartean oso zabalduak badira ere, ez dute oinarri enpirikorik.

Datu objektiboa hauxe da: ibilbide zientifikoek neurri txikiagoan erakartzen dituzte emakumeak gizonezkoak baino, nahiz eta gizartean ondoen baloraturiko lanbideak zientziarekin lotutakoak izan (Ikerketa Soziologikoko Zentroaren arabera). Desberdintasun horren atzean arrazoi ugari daude ziur asko. Esate baterako, neskek haurtzaroan eta gaztaroan jasotzen dituzten mezu diskriminatzaileak, bai familiatik, bai eskolatik edo gizartetik, modu esplizitu edo inplizituan. Mezuok eragin zeharo negatiboa dute emakumeengan, eta horrek, azken finean, zientzia eta teknologia esparruan dituzten gaitasunak gutxiestera eramaten ditu.

Akaso ibilbide zientifikoa ez da hain erakargarria emakumezkoentzat, bizitza pertsonala eta, batez ere, familia-bizitza ikerkuntza ibilbidearekin bateratzeko oztopoak aurkitzean. Kontuan hartu behar dira ibilbide zientifikoak dituen zailtasunak (lehiakortasuna, prekarietatea, mugikortasuna). Horrez gain, baliteke zientziaren arlo batzuetan agertzen den genero-alborapenak eta diskriminazioak, gehienak zeharkakoak, emakumeak lanbide honetatik aldentzea. Alborapen horren isla da Espainiako zientzia sarien %18 baino ez izatea emakumezkoentzat, Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteak egindako txostenaren arabera, edo zientzietako Nobel sarien %3 baino ez izana emakumezkoentzat sari horiek sortu zirenetik.

Nire ustez, lanbide zientifikoan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunak lehentasuna izan beharko luke gobernuentzat, erakundeentzat eta gizartearentzat, oinarrizko giza eskubidea baita berau, eta era berean gizarte osoaren aurrerapenerako ezinbesteko balioa. Ildo horretatik, nire ustez, hiru dira landu beharreko gaitasunak, karrera zientifikoan dauden genero-hutsune nagusiak ezabatzen lagun dezaketenak.

    • Beharrezkoa da emakumeen talentua erakartzea, ingeniaritza, zientzia eta teknologia arloetara batik bat, non etorkizuneko kalitatezko lanpostu asko bilduko direla aurreikus daitekeen.

    Jakin badakigu emakumeak gehiengoa direla unibertsitateetako graduko eta masterreko ikasleen artean (guztiaren %55 dira), Unibertsitate Ministerioko iturrien arabera. Baina gehiengo hori nabarmen murrizturik dago zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikarekin lotutako ezagutza arloetan (STEM izenez ezagutzen direnak, ingelesezko science, technology, engineering and mathematics siglak erabiliz). Muturreko kasua ingeniaritza- eta arkitektura-ikasketek erakusten dute. Bereziki maskulinizatutako eremu honetan, graduko ikasleen %25 baino ez dira emakumeak.

    Doktorego-mailan ere generoaren araberako desberdintasunak agerikoak dira irakaskuntza arloak aukeratzeko orduan: informatikan doktore diren pertsonen %22 baino ez dira emakumeak. Proportzioak zertxobait igotzen dira ingeniaritzan eta arkitekturan (%30) eta zientzietan (%47), baina ez dira parekotasunera iristen oraindik. Europar Batasuneko gainerako herrialdeetako datuak Espainiakoen antzekoak edo urriagoak dira. Datu horiek guztiek nabarmentzen dute bokazio zientifikoak eta teknikoak sustatzeko beharra emakume gazteen artean, haurtzarotik hasita.

      • Eutsi egin behar diogu talentu horri, ikerketa-ibilbideari egonkortasun handiagoa emanez eta oztopoak ezabatuz, hala nola genero-alborapenak edo kontziliazio-zailtasunak, emakumeak zientziaren munduan euren ahalmen guztiarekin murgildu ahal izan daitezen.

      Ondotxo dakigun moduan, unibertsitatean edo ikerketa-zentroetan ibilbide zientifikoaren urratsetan aurrera egin ahala, emakumeen proportzioa gutxituz joaten da. Datu horien gora eta beherek guraize baten itxura hartzen dute irudian eta genero-segregazio bertikal argia dagoela adierazten dute, “beirazko sabaia” izena eman ohi zaion gertaera.

      Emakumeen proportzioaren beherakada nabarmenagoa da ibilbide zientifikoaren maila altuenetan. Halanda ze, Espainiako unibertsitate publikoetan eta ikerketa-zentroetan, lanbide- maila altuenean emakumezkoen ehunekoa %22tik beherakoa da (unibertsitateko katedradunen edota ikerketa-irakasleen mailan, hurrenez hurren). Eta ehuneko hori are txikiagoa da (%10etik gertu) STEM eremuetan. Hori dela eta, argi dago genero-berdintasunaren neurri multzo bat beharrezkoa dela desberdintasun nabarmen horiek orekatzeko.

      Imagen 2: Efecto tijera: distribución de hombres y mujeres en la trayectoria investigadora universitaria. (Fuente: Ministerio de Universidades)

      2. irudia: Guraize-efektua: gizonezkoen eta emakumezkoen banaketa unibertsitateko ikerkuntza-ibilbidean. (Iturria: Unibertsitate Ministerioa)

      • Emakumeak ibilbide zientifikoko kudeaketa-postu gorenetara iristea bermatu eta babestu behar dugu, zientziaren diseinuan eta garapenean osotasunez eta berdintasunez parte har dezaten.

      Segregazio bertikala, “beirazko sabaia”, jarraitzen dugu ikusten erabakiak hartzeko postuetan, hala nola unibertsitateetako eta ikerketa-zentroetako pertsona bakarreko gobernu-organoetan. Maila altuenean (errektoreak eta ikerketa-institutuetako zuzendariak) emakumeek postu horien %23 baino ez dute betetzen. Dekanotzen kasuan edo sailen zuzendaritzetan, zifrak zertxobait hobetu dira azken urteotan, baina guztizkoaren %35era baino ez iritsi.

      Ibilbide zientifikoan genero-berdintasuna lortzeko neurriak

      Azken urteotan, ekimen interesgarri nahikotxo sortu dira zenbait esparrutan (gizartea, akademia, erakundeak) xede hauekin: zientzian genero-berdintasuna lortzea, bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzea eta gizartean interes zientifikoa piztea, bereziki nerabeen eta gazteen artean. Ezinbestekoa da bide horretatik ahalegintzen jarraitzea, etenik gabe eta sormena landuz.

      Gizarte-ekimenen arloan, azpimarratzekoak dira Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna (otsailak 11), Hypatia izeneko hezkuntza-programak edota L’Oréal-UNESCO sariak Emakume Zientzialarientzat, emakumeek zientzia esparruan duten eginkizuna ikusarazi eta ohoretu nahi dutenak. Maila akademikoan, Mujeres con Ciencia izeneko ekimena nabarmendu nahi nuke, Marta Macho Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleak zuzendua. Azkenik, erakunde-mailan, egina da dagoeneko lan bat zientzia-sisteman genero-berdintasun erreal eta eraginkorrerako aldaketak azkartzeko aukera ematen duten neurri sorta bat ezartzeko asmoz. UPV/EHU barruan ere gure ekarpentxoa egiten saiatzen ari gara, eremu hauetan besteak beste:

        1. batzordeen eta tribunalen berdintasunezko osaera;
        2. hautaketa- eta ebaluazio-prozesuetan eta baliabideen esleipenean berdintasun eraginkorra bermatzeko prozedura;
        3. genero-ikuspegia ikerketa eta teknologian zeharkako kategoria gisa txertatzea;
        4. genero-berdintasunaren inguruko sentsibilizazio-jardunaldiak antolatzea;
        5. genero-berdintasunaren inguruko prestakuntza eskaintzea;
        6. emakume zientzialari eta teknologoen ekarpenen ikusgarritasuna eta aitorpena sustatzeko ekintzak atontzea.

        Zorionez, ugari gara lanbide zientifikoan genero-berdintasuna lortzeko lanean ari garen gizon eta emakume. Bide luzea geratzen zaigu oraindik, baina pixkanaka neurri, politika eta ekimen eraginkorragoak aurkitzen eta aplikatzen ari gara. Emaitzek diote, oso poliki bada ere, hoberantz goazela.

        Zientzia Kaieran argitaratuko artikulua.

        Egileaz: Ana Zubiaga Elordieta Biologian doktorea da eta Genetikako katedraduna UPV/EHUn.

        Partekatu

        Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

        HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

        eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

        Pribatutasun politika onartzen dut.