Albert Fert ikertzaileak Fisikako Nobel saria irabazi zuen 2007an, eta orain Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile eta irakasle gisa hasi berri da.
Fert irakaslea Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko Materialen Fisika Saileko ikertzaile agurgarri gisa arituko da. Albert Fert, fisikari frantsesa eta 2007ko Fisikako Nobel sariaren irabazlea, magnetorresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat da. Efektu fisiko horrek goitik behera aldatu zuen disko gogorren teknologia, horien edukiera nabarmen areagotzeko aukera emanez.
Kontratazio honen bidez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere ikerketa lana indartu nahi du, eta Albert Fertek eta UPV/EHUko Magnetismo Taldeak lehendik zuten lankidetza sendotu. Horrez gain, unibertsitateak aldi berean fase magnetiko eta topologikoak dituzten material berriei buruzko azterketak sendotu nahi ditu, hainbat alderdiri dagokienez.
UPV/EHUko errekorea, Nekane Balluerkaren hitzetan: "prestigio izugarriko ikertzaile batek gure unibertsitatearen aldeko apustu pertsonala egin duela. Hori azpimarratzekoa da, are gehiago kontuan hartzen badugu Nobel saridun bat izatea ez dela batere ohikoa Espainiako unibertsitateetan”.
Bestetik, Albert Fertek Donostia International Physics Centerrean (DIPC) ere kolaboratuko du. DIPC fisikako eta antzeko diziplinetako bikaintasun ikerketa egiten duen zentro bat da. Propietate magnetikoei eta materialen topologiari eskainitako ikerketa ildoak ditu, eta dimentsio biko materialen esparruan ere lan egiten du. Hain zuzen, azken esparru horrek lotura zuzena du Ferten jarduerarekin.
DIPC zentroaren patronoetako bat da UPV/EHU, eta, Tecnaliarekin batera, UPV/EHUk zuzendutako Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campuseko kide da. Eusko Jaurlaritzak bikaintasun zentro izendatu du DIPC, bere BERC (Basque Excellence Research Center) programaren barruan. Albert Fertek bat egin du DIPCrekin, UPV/EHUren eta DIPCen arteko atxikitze hitzarmen baten bidez.
Irakurri berri osoa UPV/EHUko Campusean.
HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN
eta gure azken berriak posta elektronikoz jasoko dituzu