OREGAUA

OREgaua en Portugalete

OREgaua ekimenak zientziaz bete zuen Nautika, familiei itsas energia berriztagarriak ezagutzera emateko jarduerez jositako jardunaldi batean

 

OREGAUA

Zenbait familia aerosorgailuak probatzen Nautika Itsasgunea eraikinaren kanpoaldean (Portugalete)

 

Irailaren 27an, 17:00etatik 22:00etara bitarte, UPV/EHUren Portugaleteko Nautika eraikina itsas energia berriztagarrien dibulgaziorako epizentro bilakatu zen, bertan egin baitzuten OREgaua, Europako Ikertzaileen Gaua. Ekimen hori aldi berean gauzatzen da Europako zenbait hiritan, eta lehen aldiz iritsi zen Portugaletera. Kalkuluen arabera, 2.000 pertsona inguruk parte hartu zuten itsas berriztagarriei buruzko jolas, esperimentu eta jarduerez betetako gau horretan, eta TECNALIA, UPV/EHU eta BCAMeko 80 ikertzailek zuzenean esku hartu zuten ekitaldiaren antolakuntzan.

OREgaua Europako ORE4citizens proiektuaren parte da, eta Portugaleteko Udalaren eta sektoreko beste 20 erakunderen babesa du. TECNALIA da ORE4citizens proiektuaren buru, eta UPV/EHUren, Euskampus Fundazioaren eta BCAMen laguntza jasotzen du. Proiektuak helburutzat du zientzia herritarrengana hurbiltzea, eta Offshore energia berriztagarriek trantsizio energetikoan duten berebiziko funtzioa nabarmendu nahi du.

OREGAUA

Zenbait pertsona ROVak gidatzen Portugaleteko igerilekuan

OREgaua: adin guztietarako jarduera hezigarriak

Familiek doako jarduera ugari egin ahal izan zituzten. 3 urtetik gorako haurrentzat eta itsas energia berriztagarriei buruz gehiago jakin nahi zuten helduentzat prestatutako jarduerak ziren. Egitaraua zabala izan zen. Hona hemen zenbait adibide:

  • Urpeko robotak gidatzeko lehiaketa
  • Droneen hegaldiak
  • Aerosorgailuen maketa tailerra
  • ORELAB (ur gazitako flotagarritasunari eta korrosioari buruzko esperimentuak eta beste batzuk egiteko laborategia)
  • Itsasoan bizirik irauten ikasteko ikastaroa
  • Korapilo tailerra eta euskal enpresen ORE proiektuen erakusketa
  • TXIKIGUNEA (aurpegi margotzea, jolasak eta eskulanak, ipuin kontalaria)
  • Agurtza Itsasontzi Museora bisita, interpretazio zentro bihurtutako arrantza ontzia ezagutzeko
  • Iragan industrialaren gaineko begirada historikoa eskaintzen zuen paseo gidatua, Portugaleteko itsas eta ibai paisaia ezagutzeko
  • Bakarrizketak eta ipuinak UPV/EHUko ikertzaileen eskutik

 

OREGAUA

Bakarrizketa eta ipuin kontaketa saioa Portugaleteko Nautika Itsasgunea eraikineko auditorioan

 

18:15etik 20:15era bakarrizketa eta ipuin kontaketa saioa izan zen. Naiara Barredok gure eguzki sistemako ilargi kopuruari buruz hitz egin zuen Ilargietaraino eta bueltan bakarrizketan; Leire Zufia Miguelek suarekin magia jolasak egin eta interpretatu zituen; Esteban Jacob Taquetek gure basoetan ezkutatuta dauden ur erroten misterioak azaldu zituen; Ibon Canciok ur gezetan eta gazitan bizi diren marrazoak deskribatu zituen, eta Iván Álvarezek gure planetako ur zikloen gainean hausnartu zuen. Kontakizun labur eta interesgarriak izan ziren, eta familien jakin-mina piztu zuten.

Ondoren, etxeko txikienak eta haien familiak aho zabalik geratu ziren bakarrizketarien esperimentuekin eta Raúl Ibañez ipuin kontalariaren kalkulu matematikoekin. Azken horrekin batera aritu zen Enrique Morente, denbora errealean marrazkiak sortzen.

Era berean, online inpaktu galdetegi bat egin zen, OREgaua ekimenean parte hartu zutenen iritzia baloratzeko. Jardunaldiaren amaieran, zenbait zozketa egin ziren, parte hartzaileak ekitaldi zientifikoan izandako inplikazioagatik saritzeko.

ORE4citizens: itsas etorkizunaren jasangarritasunarekin konprometitutako proiektua

ORE4citizens proiektuaren helburu bakarra ez da zientzia dibulgatzea; horrez gainera, euskal kostaldeak klima aldaketaren ondorioz gainditu beharko dituen erronken gainean eta itsasoko energia berriztagarriek eredu energetiko jasangarriago bateranzko trantsizioan duten garrantziaren gainean sentsibilizatu nahi du. Ekimen honen bidez, Euskadik itsas berriztagarrien sektorean duen lidergoa nabarmendu nahi da, eta hori euskal gizartearentzat eta planetarentzat aukera ona dela azpimarratu.

Hurrengo bi urteetan zehar, proiektuak hezkuntza eta dibulgazio jarduerak garatuko ditu zenbait euskal udalerritan, eta, hortaz, jasangarritasunarekin eta itsas ingurunearen zaintzarekin erlazionatutako ezagutza zientifikoaren hedapenerako funtsezko tresna gisa finkatuko da.

Informazio gehiago OREGAUA webgunean.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika onartzen dut.