EMPACTi3

Participantes del último workshop de EmPACT i3 celebrado el pasado 20 de marzo en FICOBA, Irun. 

Albisteak
  • Albisteak

Mugaz gaindiko EmPACTi3 proiektuaren bigarren 25-26 tailerra, 2026ko martxoaren 20an, Irungo FICOBAn

“EmPACT i3 Frantziako eta Euskal Herriko unibertsitateen eta enpresen arteko elkarlan anitzak egiteko aukera da”. 

Eider Arruti, Albaolako arduraduna.


 

Joan den martxoaren 20an, ostiralez, EmPACT i3 mugaz gaindiko unibertsitate arteko proiektuaren 2025-2026 enplegagarritasun ibilbidearen bigarren tailerra egin zen, FICOBA erakustazokan (Irun). 2024an hasi zenetik, proiektu hau batera garatzen dute Euskampus Fundazioak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Bordeleko Unibertsitateak, Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren barruan.

EmPACT i3 egitasmoan 17 talde sortu dira, mugaren bi aldeetako ikasleez, diziplina ugaritako irakasleez eta eragileez osatuak, lankidetza proiektuak garatzeko, helburua izanik batera erantzutea mugaz gaindiko lurraldearen trantsizio desafioei. Proiektu horiek egituratzen dira hiru eremu tematiko handiren inguruan: ozeanoen osasuna eta jasangarritasuna, trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularra.

25-26 ikasturte honetan, dagoeneko egin dira euskal-akitaniar mugaren bi aldeetako ikasleen eta irakasleen arteko lankidetza sustatzeko planifikatutako hiru workshopetatik bi. Martxoko tailer honek inplikatutako komunitate osoa bildu du: Bordeleko Unibertsitateko, Sciences Po Bordeaux-eko, ESTIA Ingeniaritza Eskolako eta EHUko gradu, master eta doktoregoko 27 ikasle eta hainbat titulaziotako 15 irakasle, bai eta hainbat entitatetako 16 ordezkari ere.

empact i3
EMPACT I3

EmPACT i3 proiektua kofinantzatzen du INTERREG VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) Programak, eta kokatzen da mugaz gaindiko campuseko «Prestakuntza eta Enplegagarritasuna» eta «Lurraldea» ardatzetan. Helburu nagusia da mugaz gaindiko enplegagarritasuna sustatzea, eta ezagutzak eta zeharkako gaitasunak ematea unibertsitateko ikasleei, inpaktu nabarmen bat sortze aldera Akitania Berria-Euskadi eremuko gizarte/ingurumen trantsizioaren desafioetan.

Saiora iristean, ezer baino lehen, solasaldian aritu ziren parte-hartzaileak kafe baten inguruan, gogotsu ekiteko jardunaldiari. Ekitaldia amaitu ondorengo mokaduan, pintxo sorta zabala eskaini zitzaien.

Jardunaldia hasi zen talde bakoitza ikasturtean garatzen ari den proiektuetan oinarritutako jarduera batekin. Abiapuntu harturik proiektuaren “esplorazio talde” eta “iparrorratz” ideian oinarritutako dinamika, beren lanen egungo egoera aztertu eta orain arteko esperientziaren berri eman zuten, bai eta egin beharreko egokitzapenak identifikatu eta hurrengo urratsak definitu ere.

Gure topaketaren aurretik, hainbat taldek egina zuten jada mugaz gaindiko mugikortasuna, eta esperientzia horren berri eman zieten gainerako parte-hartzaileei. Ikasitakoa azaldu zuten, bidea erakusteko eta laster beren mugikortasuna egingo duten taldeak motibatzeko. Arrantzako azpiproduktuen balorizazioari buruzko proiektuan dabilen taldeak Pasaiako portuan izandako esperientzia aurkeztu zuen, eta lonjaren jardueraren inguruan aritu zen, besteak beste. Beste talde batek hizpide izan zuen Albaolan eginiko egonaldia, non itsas ondarean barneratu eta haren jardueretan parte hartu zuen, erakundearentzako hezkuntza materiala diseinatzen. Bi esperientzia horiek, ingurune eleanitz batean garatuak, “aberastasun kultural eta pertsonal” gisa baloratu zituzten parte-hartzaileek, testuinguru erreal batean ikasteko aukera gisa.

Tailerra amaitu aurretik, tresna digital ireki baten bidez, hainbat galdera egin ziren EmPACT i3 proiektuaren ondorioei eta ezagutzei buruz. Behin erantzunak bilduta, hitz hodei adierazgarri hau sortu zen:

EMPACT i3
empact i3

Berriro ere, taldeek tokiko hiru hizkuntzak (euskara, frantsesa eta gaztelania) eta ingelesa —lingua franca— erabili zituzten. Jarduera kolektibo digitaletik, askotariko ekarpenak egin ziren (…………………….. bezalako adierazpenekin), agerian uzten dutenak komunitate honek hizkuntza aniztasunarekiko duen jarrera inklusiboa eta tolerantea. 

Hurrengo workshopa maiatzaren 29an egingo da, eta ordurako taldeek amaituta izango dituzte erronkak. Ospakizunerako tailer bat izango da, lan egiteko baino gehiago. Taldeek beren proiektuaren emaitzen berri eman, eta mugaz gaindiko eta kultura anitzeko esperientzia honetan ikasitakoa azalduko dute, zailtasunak eta aukerak ere aletuta.

Partekatu

Euskampus Fundazioa-ren isotipoa

HARPIDETU NEWSKAMPUS-EAN

eta gure azken berriak posta elektronikoz  jasoko dituzu

Pribatutasun politika irakurri dut, eta onartzen dut.