Bordeleko Unibertsitateak Euskampus Fundazioarekin
bat egin du
Bordeleko Unibertsitateak, hango presidente Manuel Tuñon de Lararen bidez, Euskampus Fundazioan sartzeko hitzarmena formalizatu zuen ekainaren 27an. Horrela, baiezkoa eman zion 2016ko urrian UPV/EHUko orduko errektore eta Euskampus Fundazioaren presidente Iñaki Goirizelaiak egin zion gonbidapenari. Bordeleko Unibertsitatea Euskampusen sartuta, bi unibertsitateek lankidetza estuagoan jardungo dute Bordeaux-Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruan. Era berean, Bordeleko Unibertsitateak elkarlanean jardun ahal izango du Euskampuseko gainerako erakundeekin eta oro har Euskal Herriarekin.
Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñon de Larak Euskampus Fundazioan formalki sartzeko dokumentazioa sinatu zuen ekainaren 27an, Fundazioaren Patronatuak egindako ohiko bileran. Oraingo honetan Bordelen egin da bilera, integrazio horren harira eta Bordele-Euskampus Euroeskualdearen III. Sinposioa zela eta. UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak zuzendu zuen bilera, Donostia International Physics Center – DIPCeko presidente Pedro Miguel Etxenikek eta Tecnaliako zuzendari nagusi Iñaki San Sebastiánek lagunduta. Euskampus Fundazioa UPV/EHU, DIPC eta Tecnalia erakundeek sortu zuten, eta Grupo Ormazabal-Velatia, CAF eta Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa ere fundazioko kide dira.
Euroeskualdearen Sinposioa amaitzeko ekitaldian, unibertsitate bietako errektoreek adierazi zuten oso pozik zeudela urrats hau egiteagatik. Nekane Balluerkaren hitzetan, “Euskampus Fundazioa baliagarri izan zaigu Bordeleko Unibertsitatearekin orain daukagun aliantza estrategiko hau lortu ahal izateko”. Horrez gain, adierazi zuen fundazioa Bordeleko Unibertsitatearen tresna izango dela aurrerantzean, eta elkarrekin oraindik eta urrunago iristeko balio behar duela. Manuel Tuñonek ere ildo beretik hitz egin zuen: “Gustura gaude Bordeleko Unibertsitatea Euskampus Fundazioan sartu delako, horrek indar handiagoa emango baitio gure unibertsitateak UPV/EHUrekin eta Euskal Herriarekin duen konpromisoari”. Era berean, azaldu zuen Euskampusek bide eman behar duela “gure lankidetza harremanak sustatzeko eta lankidetza horren eragina areagotzeko”, eta adierazi zuen iritsi dela aliantza hori nazioartean sustatzeko garaia. Nekane Balluerkak azaldu zuenez, berriz, “orain erronka handia daukagu aurrean: Bordeleko Unibertsitatearen eta hark IdEx Bordeauxen dituen bazkideen gaitasunak integratu behar ditugu Euskampusek bultzatzen dituen elkarlaneko dinamiketan”. Jarraian, Manuel Tuñon de Larak hitz egin zuen: “Euskampusen sartuko gara, Euskampus eta IdEx Bordeaux gure bikaintasun proiektuetan zenbait urte elkarrekin lanean aritu ostean. Ezer sinatu aurretik, beharrezkoa da aurretik elkarlanean jardutea”. Hitz horiekin, Tuñon de Larak gogora ekarri zuen Pedro Miguel Etxenikek UPV/EHUren, Bordeleko Unibertsitatearen eta DIPCren artean Mugaz Haraindiko Lankidetza Laborategi bat sortzeko hitzarmena sinatzean esandakoa: “hitzarmenak sinatzen ditugu, lehendabizi gauzak egiten ditugulako”.
Euskampus Fundazioa 2011ko uztailean sortu zen, UPV/EHUren Nazioarteko Bikaintasun Campusa kudeatzeko eta antolatzeko helburuarekin. UPV/EHUk, Tecnaliak eta DIPCek sortu zuten Euskampus Fundazioa. Gero, 2012an, beste erakunde batzuk batu zitzaizkion Euskampusen Patronatuari: Grupo Ormazabal-Velatia, CAF. Horiez gain, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioa ere erakundeko kide egin zen. Modu horretan, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusaren aldeko apustua indartu zen, eta Euskal Herriko ekoizpen, ekonomia eta berrikuntza sareko eragile publiko nahiz pribatu indartsuek bat egin zuten proiektuarekin. Euskampus Fundazioa, Nazioarteko Bikaintasun Campusa gobernatzeko organoa ez ezik, kudeaketa operatiborako tresna da; hain zuzen ere, proiektua sozializatzeaz eta Bikaintasun Campusa sustatzen duten erakundeek proposaturiko jarduerak koordinatzeaz arduratzen da, batez ere lankidetza bultzatuz, Jakintza Guneen Komunitatearen bidez.
Euskampus Fundazioak ezinbesteko lana egin du UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen artean Euroeskualdeko Campusa martxan jartzeko, eta lankidetza bideratzen aritu da bi unibertsitateen arteko erakundeak jorratzen dituen arlo guztietan: ikerkuntza, prestakuntza eta Euskadi-Akitania euroeskualdeko lurraldearen arteko lotura. Bordeleko Unibertsitateak patronatuarekin bat eginda, Euskampus Fundazioak bere gaitasunak indartuko ditu, eta hobeto dinamizatu ahal izango du mugaz haraindiko lankidetza. Gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartuko du berrikuntzaren eragile gisa.
|