Mugaz haraindiko lankidetza laborategiak

laboratorios (1).jpg 

Irudian, Philippe Moretto, Bordeleko Unibertsitateko Ikerkuntza Errektoreordea Jose Luis Martinekin, UPV/EHUko Ikerkuntza Errektoreordea, 2019ko Euskampus Bordeaux Egunean, prozedura berria aurkezten

 

2015az geroztik hainbat Mugaz haraindiko Lankidetza Laborategi sortu dira Euskampus-Bordele Campusean, EAEko eta Bordeleko ikertaldeak elkarlanean aritzea ahalbidetuko duen erakunde esparru bat sortzeko. Esparru horren xedea da mugaz haraindiko ikerketa komunitateak sortzea, ikertzaile junior eta seniorrak, ikasleak eta teknikariak barnean hartuta, eta laborategi batetik bestera mugitu ahal izan daitezen mugarik gabe eta ikuspegiak nahiz programak partekatu ditzaten. 

Zehazki, mugaz haraindiko lankidetza laborategi bat hormarik ez duen laborategia da, helburu hauek dituena:

  • Alor jakin batean ikerketa proiektuak egin ahal izateko esparrua sortzea, emaitza zientifikoei balioa eransteko eta baterako ikerketa EBn eta nazioartean ikusgarri egiteko.
  • Munta handiko proiektuen haztegi izatea, kanpo finantzaketa erakartzeko (batik bat, EBkoa).
  • Ikertzaileen nazioarteko komunitatea sortzea, ikasleak, doktoreak eta irakasle junior nahiz seniorrak barne hartuta.
  • Baterako prestakuntza eskaintza garatzea, batik bat, masterretan.

Mugaz haraindiko laborategia jada indarrean den lankidetza aitortzeko urrats handia da, eta bi ikertzaile nagusik gidatuta dago (Bordeletik eta EAEtik, bana). Ondorioz, mugaz haraindiko lankidetza laborategietako ikertzaile nagusiek lankidetza hori lehenagotik datorrela eta sendoa dela frogatu beharko dute.

Halaber, espero da mugaz haraindiko lankidetza laborategiek eremu zientifiko handiegia ez hartzea, baizik eta arlo zientifiko jakin bateko ikerketa eta gaikuntza proiektu espezifikoak.

2015etik hona, hiru mugaz haraindiko lankidetza laborategi sortu dira:

  • Kimika fisikoan, QuantumChemPhys (Kimika eta fisika teorikoak eskala kuantikoan)
  • Ingeniaritzan, AENIGME (Fabrikazio garbiari eta ekodiseinuari buruzko Akitania-Euskadi sarea)
  • Matematiketan, TRANSMATH (Matematikak eta matematiken aplikazioak)

 

Mugaz haraindiko lankidetza laborategiak aitortzeko eta finantzatzeko prozedura berria

2019ko Euskampus Bordeaux Egunean, Bordeleko Unibertsitateko ikerketa arloko presidenteordeak eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa arloko errektoreordeak prozedura berri bat aurkeztu zuten mugaz haraindiko lankidetza laborategiak aitortzeko eta finantzatzeko.

Mugaz haraindiko lankidetza laborategiei finantza laguntza hau eskainiko zaie:

  • Mugaz haraindiko laborategien eguneroko jarduketak egiteko finantzaketa (bidaiak, ikasleentzako bekak, tailerrak antolatzeko gastuak, udako ikastaroak, etab.); gehienez, 10.000 € urtean (5.000 € herrialdeko).
  • UPV/EHUk tutorekidetzan egindako doktore ikertzaile bat finantzatzeko konpromisoa hartzen du mugaz haraindiko lankidetza laborategi bakoitzeko.
  • Bordeleko Unibertsitateak doktorego ondoko ikertzaile bat finantzatzeko konpromisoa hartzen du mugaz haraindiko lankidetza laborategi bakoitzeko.
  • Bestelako finantzaketa aukera batzuk eskuratzea tokiko programen bidez (doktorego bekak, ikertzaile bisitaria, etab.).

 

Finantzaketa ezingo da berritu. Hitzarmenaren lau urteko indarraldia amaituta, mugaz haraindiko lankidetza laborategiak izendapen horri eutsi ahalko dio, baina UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak ez dute finantzaketa konpromisorik izango horren gainean. Aldi hori igarota, espero da mugaz haraindiko lankidetza laborategiak bere finantzaketa sistema ezartzea, jardueraren eta doktorego aurreko nahiz ondoko langileak aldi baterako kontratatzearen ondoriozko gastuei aurre egiteko.  

Proiektuak onartzeko, urteko deialdi bat egingo da, urteko lehen hilabeteetan egongo dena irekita; normalean, apirilaren 30era arte. Epe zehatza, alegia, hurrengo urteko deialdiarena, Euskampus Bordeaux Egunean iragarriko da.

  

Alabaina, koronabirusak eragin duen konfinamendu egoera dela eta, epea maiatzaren 31ra luzatuko da.

Urtean mugaz haraindiko lankidetza laborategi bakarra hautatuko da, Euskampus Bordeaux Egunean jakinaraziko dena.

Azkenik, behin mugaz haraindiko lankidetza laborategia martxan jarrita, ikertzaile nagusiek proiektuaren jarduketen urteko memoria bat aurkeztu beharko dute, baita mugaz haraindiko lankidetza laborategien jarduketen jarraipena egiteko finantza txosten bat ere. Zuzendaritza batzordea urtean behin bilduko da mugaz haraindiko lankidetza laborategi guztiekin Euskampus Bordeaux Egunean. Bilera horretan, jarduera txostena eta etorkizuneko plangintza ebaluatu eta baloratuko dira (aurrekontu alderdiak barne), eta ikertzaile nagusiei aurkeztuko zaizkie.

Euskampus Fundazioa arduratuko da proposamen deialdia kudeatzeaz, bai eta eskatzaileei behar duten informazioa eta laguntza eskaintzeaz ere. Eskaerak hona bidali behar dira: bordeaux@euskampus.eu.

Proposamena bidaltzekotan, hona hemen betetzeko informazio garrantzitsua