2021eko Euskampus Misioak 1.0 Programa

rainbow-1467988_1280.webp 

COVID-19 pandemiaren osteko aldiak ahaleginak batzea eskatzen du, gizarteak erresilienteagoak, jasangarriagoak eta ekitatiboagoak izatea bultzatzeko. Desafio global hori gainditzeko, erantzun kooperatibo konplexuak eskatzen dituzten hainbat erronka zientifiko, teknologiko, ekonomiko, sozial eta politikori batera aurre egin behar zaie.

COVID-19aren ondorengo Europa ekologikoagoa, digitalagoa, erresilienteagoa eta egungo eta etorkizuneko erronketara hobeto egokitua izango da, norabide horretan ekarpen bat egiteko asmoa geure egiten dugun neurrian. Erronka horiek korapilatsuak direnez, baterako ekintzak sustatu behar dira, diziplina dinamikak gaindituko dituzten ikuspegi berritzaileetan oinarrituz, arazo zehatzei irtenbide espezifikoak eskaintzeko eta, era berean, mundu hobea egiteko aukera berriak sortzeko.

Egoera horretan, Euskampus Fundazioak “Euskampus Misioak 1.0” 2021eko programa abiarazi du patronatuko erakundeen arteko lankidetza proiektuak babesteko eta katalizatzeko, baita gaitasun osagarriak ekartzen dituzten beste erakundeenak ere, baldin eta inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta sozial handia edukitzeko potentziala badute eta bideratuta badaude erronka espezifikoei aurre egiteko –ahalmena dutenak eboluzionatzeko gizarte erresilienteagoetara, ekitatiboagoeta eta jasangarriagoetara; eta sustatzeko ozeanoen jasangarritasuna eta balorizazioa–.

2020an abian jarri zen Covid-19aren aurreko Euskampus Erresilientzia Programarekin izandako lehen esperientziaren ondoren [Poner enlace a la página del programa], 2021eko Euskampus Misioak 1.0 programak honako helburu hau du: ikerketa, berrikuntza eta prestakuntza arloetako gaitasunak tokiko, Europako eta munduko lehentasun sozial eta politikoekin bateratzea (RIS3, Itun Berdea, Aro Digitala, GJHak), gizarte erresilienteagoak eta ozeanoen jasangarritasuna eta balorizazioa sustatzeko. Zehazki, gai horiek aukeratuta, ikertalde eta talde pedagogiko guztien parte hartzea bultzatzeko asmoa dago –gizarte eta giza zientzien arlokoak barne–, beste diziplina batzuetako taldeekin lankidetzan proiektu berritzaileak planteatu ditzaten, bai ikerketa helburuaren ikuspegitik, bai metodologiaren eta lanketa diziplinarteko eta sistemikoaren ikuspegitik.

Formula horren barruan, proiektuek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte:

  • Proiektu bakoitzean Euskampus Erakundeetako (UPV/EHU, Tecnalia, DIPC, Bordeleko Unibertsitatea) gutxienez bi ikertaldek hartu behar dute parte.
  • Proiektuaren buru bi Euskampus Erakunde izango dira.
  • Euskampus Erakundeak baino ez dira izango programaren zuzeneko onuradun, baina aurrekoen bazkide diren beste erakunde batzuek ere parte hartu ahal izango dute proiektuan, betiere Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sistemaren (ZTBES) eta/edo Akitania Berrikoaren parte badira.
  • Proiektuek argi zehaztu behar dute zer erronkari erantzuten dioten eta gizartean zer eragin izan dezaketen.
  • Eskabideak jasotzeko epea zabalik egongo da abenduaren 15eko 17:00ak arte.

Programaren azalpen orokorra eta parte hartzeko xedapen orokorrak hemen deskarga daitezke. 

Lankidetzazko ikerketa proiektuen eskaera formularioa, hemen. 

Hezkuntza berrikuntzarako proiektuen eskaera formularioa, hemen.

Programa horren bidez, Euskampus Fundazioak lagundu nahi du erronka handiei baterako erantzunak emateko aukerak sortuko dituzten ekimenetan.