Miriam Ruiz Yaniz

 

Berrikuntza Kooperatiboko arduraduna naiz, eta Jakintza Guneen komunitateak koordinatzen eta dinamizatzen ditut Euskampusen, baita gauzatzen ditugun jarduketa kooperatiboak ere.

2020ko urtarrilean sartu nintzen taldean eta gogotsu ekin nion fase profesional berri honi, Euskampuseko patronoei eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osoari balioa emateko asmoz, Euskal Herriak, oro har, eta Euskampus komunitateak, bereziki, I+G+b arloan dituen gaitasun baliotsuak dinamizatzeko proiektu baten bitartez.

Azken 10 urteotan, ikerketa zientifikoen goi kontseiluaren (CSIC) fundazio orokorreko programen eta nazioartekotzearen arduraduna izan naiz. Zeregin horretan, ikertzaileen nazioartekotzea eta ezagutzen transferentzia ahalbidetzeko hainbat ekimen pentsatu, ezarri eta koordinatu ditut, baita zientziaren eta gizartearen arteko lankidetza errazteko ere, ekimen horien jarraipena eta eraginen neurketa alboratu gabe. Aldi horretan, ikerketa gaitasunak aztertu ditut eta joerak identifikatzen ahalegindu naiz, kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaz arduratu naiz, eta ikerketa taldeen eta I+G+b sistemako eragileen arteko lankidetza estutzeko askotariko proiektuen komunikazioa eta hedapena gauzatu dut. Horrez gain, tailerrak eta lankidetza proiektuak antolatu ditu, zenbait gai zehatzi buruz, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza katalizatzeko.

Deustuko Unibertsitatean Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi nuen. Gero, Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bati esker, zientzia politikei eta EBko zuzenbideari buruzko graduondoko bat ikasi ahal izan nuen Lovainako Unibertsitate Katolikoan (UCL). Horri esker, nazioarteko kontsultoretzaren alorrean hasi nuen nire ibilbide profesionala (Technopolis Innovation Group) eta nire lan ibilbideko lehen urteak Bruselan eman nituen, mundu osoan zehar bidaiatuz eta lanerako ingelesa zein frantsesa erabiliz.

Duela urte batzuk, Ekonomia eta Berrikuntzaren Kudeaketa doktorego programa hasi nuen, eta lanarekin uztartzen saiatzen naiz.

Aurreko esperientziari esker, kultura eta ingurune desberdinetako eragileen arteko aldeak aurrez aurre ikusi ditut, hala nola merkatuko arauen arabera funtzionatzen duten enpresak, akademiaren eta ikerketaren arloko exigentzia, eta sektore publikoko erakundeen zerbitzu emateko nahia. Nire ustez, desberdintasun horiek aukera bikaina dira osagarritasunak identifikatzeko eta, hala, balio handiko sinergiak lortzeko.

Pertsona oso aktiboa naiz, eta ondo informatuta egoteko eta beti ikasten jarraitzeko ahalegina egiten dut. Zoriontasuna gauza txikien handitasunean dago. Kirola egitea eta denbora librean familiarekin edo lagunekin egotea gustuko dut, aire zabalean planak eginez edo unean-unean nagoen tokiko kultura eskaintzaz gozatuz. Bidaiatzea beti da aukera ona deskonektatzeko, ikuspegia aldatzeko eta adimena zabaltzeko.