Glória Nunes Rodriguez

2021eko ekainean hasi nintzen Euskampus Fundazioan lanean, hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza jardueren nazioartekotzea babesteko eta sustatzeko asmoz. European University Alliance ENLIGHT sarearen partaide aktibo naiz, zehazki, inpaktua sortzera bideratutako ekintzak abiarazten ditut. Nazioarteratze arduradun naizen aldetik, Fundazioari Europako hainbat aliantzatan parte hartzen ere laguntzen diot. 

Pertsonak gizartea hobetzeko funtsezko eragile direla uste dut. Gure jatorria, sinesmenak, profilak eta interesak edozein direla, daukagun onena besteekin partekatzen badugu, bestelako ikuspuntuetara irekita bagaude eta hurrengo belaunaldietarako planeta hobea eraikitzeko konpromisoa hartzen badugu, gizarteak hobeak izango ditugu, zalantzarik gabe. Hori gertatzeko aukera ematen zuten lekuak ulertzeko eta sustatzeko nahiak eraman ninduen Politika Zientziak eta Nazioarteko Harremanak ikastera eta, geroago, nazioarteko ibilbide profesional bati ekitera.

Nire jaioterrian, Portugalen, hasi nuen ibilbide akademikoa. Lisboako Unibertsitate Berrian Politika Zientzietan eta Nazioarteko Harremanetan graduatu ondoren, nazioarteko diploma bat eskuratu nuen Parisko Ikasketa Politikoetako Institutuan (Sciences Po). Paristik Bruselara joan nintzen, non 13 urtetik gora eman bainituen. Lehen urteetan, Bruselako Unibertsitate Askeko Europako Ikasketa Institutuan (IEE-ULB) Europako Politiketako Master bat egin nuen. Gero, praktiketako ikertzailea izan nintzen hainbat erakunde sindikaletan, Europako Parlamentuko Kanpo Gaietako Batzordean eta lankidetza eta garapeneko aholkularitza enpresa batean.

Portugaleko Ikasketa Estrategikoetako eta Internazionaletako Institutuan (Instituto de Estudos Estratégicos Internacionais, IEEI) denbora labur batez lanean egon ostean, Bruselara itzuli nintzen Energia Eolikoko Europako Elkartera (egungo WindEurope). Europar Batasunak finantzatutako proiektu batzuetan eta askotariko ikerketa ekimenetan hartu nuen parte (politika klimatikoari, energia eolikoaren ingurumen inpaktuari, itsasoko espazioaren antolaketari eta energia eolikoaren sektoreak sortutako enpleguari buruzkoak).

Europako Batzordearen Hezkuntza, Gazteria, Kirol eta Kulturako Zuzendaritza Nagusian egin nuen lan sei urtez, zehazki, Berrikuntza eta Teknologiako Europako Institutuaren (EIT ingelesezko sigletan) Enpresa-Unibertsitate Lankidetzako eta Enpresa Hezkuntzako Unitatean. Erakundeari politikei buruzko laguntza eta aholkularitza ematen nion, eta EITren eta EBko bestelako ikerketako eta berrikuntzako hezkuntza ekimenen arteko sinergiak eta osagarritasunak sustatzen laguntzen nion.

2017an Euskadira etorri nintzen, Deustuko Unibertsitateko ikerkuntzako aholkulari, eta Partaidetza Indartzeko Plataformaz arduratu nintzen. Era berean, Deustuko ikerketako ekintzek gizartean zuten eragina indartzen nuen. Egun, zeregin horretaz arduratzen naiz UPV/EHUren Euskampus Fundazioan.

Izugarri gustatzen zaizkit irakurtzea, paseatzea eta itsasoari begiratzea. Pilatesa egiten dut eta nire familia eta bi seme-alabekin ematen dut nire denbora librea.