UPV/EHU + Université de Bordeaux, aliantza estrategikoa berritzeko bidean

2022/09/28 17:18:00 GMT+2

UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko errektoretza taldeen lan topaketa, helburua: Euskampus-Bordeaux aliantza berritzea.

 

Joan den irailaren 23an (ostirala), UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko errektoretza taldeek lan topaketa bat egin zuten Bidarten. Bordeleko Unibertsitateko presidentetza taldea urtearen lehen hiruhilekoan aldatu zenetik lehen bilera izan da.

Taldeak ezagutzeko eta Euskampus-Bordeaux aliantzaren egoera partekatzeko balio izan du topaketak, eta, gainera, hausnarketa estrategikoko prozesu bat hasi zen. Bi unibertsitateen arteko esparru akordio berri bat ekarriko du horrek, 2023ko uda baino lehen sinatuko dena.

Parte hartzeko tailer baten bidez eta prozesu horren lehen urrats gisa, errektoretza taldeek mugaz gaindiko campusaren ardatzetako bakoitzerako lehentasun eta erronka handiak adierazi zituzten. 1) prestakuntza, ikasleak, enplegagarritasuna, 2) ikerketa eta berrikuntza, 3) lurralde konpromisoa eta transferentzia, 4) baterako nazioartekotzea, 5) gobernantza, komunikazioa eta dinamizazioa.

UPV/EHUko errektore Eva Ferreirak, bileraren amaieran, aliantza honen identitatearen oinarri diren hiru zutabeak nabarmendu zituen: Europa, komunitatea eta kultura. Bide batez, aliantzak UPV/EHUk eta BUk parte hartzen duten arloetan izandako lorpenak kapitalizatzen eta horiek ikusgarri egiten jarraitzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta haren identitatea eta rol eragilea zaintzearena ere bai. Honako honetan, bereziki nabarmendu zen ENLIGHT Europako Unibertsitatea: nazioarteko erakunde eraldaketako proiektu handi bat, bi unibertsitate horiek eta beste zazpi tartean daudena.

Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko presidenteak, bere aldetik, errektoretza taldeek parte hartzeko saio honetan egindako proposamen baliotsuak aintzatetsi ondoren, nabarmendu zuen Euskampus-Bordeaux aliantzaren egungo balantzea erabili beharra dagoela helburu berriak lortzeko, eta, esan zuenez, lehentasunezkoa da mugaz gaindiko campusean modu aktibo eta jarraituan parte hartzen duten komunitateko ikasle gehiago izatea.

Azkenik, parte hartzaileek berriro ikusiko dute elkar azaroaren 21ean eta 22an, Euskampus Bordeaux Egunean, Bordelen. Euskampus-Bordeaux komunitatearen urteko topaketa horren programa Euskampus Fundazioaren taldeak aurkeztu zuen.

Esparru horretan, “Euskampus-Bordeaux campusa 2030ean” tailer kolektibo bat antolatuko da, Euskampus-Bordeaux komunitateko partaide guztiek ekarpenak biltzeko –horiez hornituko da esparru akordio berria–.

Gehiago Euskampus Bordeaux Campusari buruz.

 

Harpidetu Newskampus boletinera

Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut.