Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Emakumezko ikertzaileen lekukotzak

2021/03/08 15:55:00 GMT+1

Itziar Alkorta UPV/EHUren «ESTRATEGIAS MOLECULARES PARA CONTROLAR LA DISEMINACIÓN DE RESISTENCIA A ANTIBIÓTICOS (CONJURA)»   eta Lucía Gallego UPV/EHUren "Acinotebacter Baumannii Research Group" ikertalde ikertzaile nagusiak dira  eta emakumezko ikertzaileek gaur egun jokatzen duten rolari buruz hausnartu dute.

 

"Emakumearen zeregina zientzian ezinbestekoa izan da, oraindik ere ezinbestekoa da. Haien ekarpenik gabe, ez ginateke gauden tokian egongo "

Genero-berdintasuna sustatzea UNESCOren lehentasunezko eginkizuna da, eta ahalegin guztiak egiten ditu neskatoak eta emakumeak hezkuntzaren eta prestakuntzaren sektore guztietara iristen laguntzeko, haien garapen pertsonala eta profesionala eragozten duten oztopoak kentzeko, eta bizitza kulturalean, komunikabideetan eta zientzietan ordezkaritza hobea izateko[1]

Euskampusen, martxoaren 8 hau ospatu nahi izan dugu hainbat emakumezko ikertzaileren lekukotasunekin. Ikertzaileek erakusten dute oraindik ere bide luzea dagoela genero berdintasuna lortzeko zenbait arlotan. Euskampusek bat egiten du genero berdintasunaren sustapenarekin Emakumearen Nazioarteko Egunean, emakumezko ikertzaileen lana babestuz.

Eman diezaiogun ikusgarritasuna!

[1] Audrey Azoulay UNESCOko zuzendari nagusiaren mezua, Emakumearen Nazioarteko Eguna dela-eta

 

Zein unetan edo zergatik pentsatu zenuen ikertzailea izatea?

IA: Ez zen une jakin bat izan, prozesu bat baizik. Oraindik ere prozesu bat da! Kimikan lizentziatu ondoren, doktorego tesi bat egiteko aukera izan nuen, eta doktoratu osteko egonaldi bat egin nuen Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn. Bi esperientzia horiek ikerketarako atea ireki zidaten, eta oinarri zientifiko-tekniko bat eman zidaten. Baina hori abiapuntua baino ez zen izan eta, 30 urteko ibilbidean, proiektu bakoitzak, zuzendutako doktorego tesi bakoitzak eta, batik bat, ezusteko bakoitzak zientzialari hobea izaten erakutsi didate.

Gaur egun, nire motibaziorik handiena gizartearentzako baliagarria izatea da; nire ekarpena egitea zientziak eta, zehazki, biomedikuntzak aurrera egin dezan, baina baita gure ikasleei ahal dudan prestakuntzarik onena ematea eta gizarteari bere ongizateari eragiten dioten erabakiak hartzeko behar duen informazio guztia ematea ere.

LG: Egia esan, Basurtuko Ospitaleko Mikrobiologia Zerbitzuan sartu nintzenetik,  Medikuntzako hirugarren mailako ikaslea nintzelarik, guztiz liluraturik gelditu nintzenez, ez nion neure buruari bestelako espezialitatea egiterik planteatu. Esperimentatzeko aukerak harrapatu egin ninduen, gizartean eta pertsonen osasunean eta ongizatean inpaktua handia duten osasun arazoei soluzioak bilatzeko aukerak,  Ahaztu gabe prozesu hori guztia beste pertsona batzuekin elkarlanean egiten dela, ez zure ingurukoekin bakarrik, baita munduko beste leku batzuetakoekin ere, eta horrek aberasteko aukera ematen dizu zientzialari eta pertsona gisa. Azkenik, tartean dago, baita ere, belaunaldi berriekin batera lan egiteko aukera, horiek baitira lan zientifiko ororen motorra gradu amaierako lanei, master lanei eta doktorego tesiei esker. Ezagutza transmititzeko lan hori oso pozgarria da, baita erronka bat ere.

 


Nola ikusten duzu emakumearen rola ikerketaren mundu honetan?

IA: Emakumeak ezinbesteko rola jokatu du zientzian, eta oraindik ere jokatzen du. Emakumeen ekarpenik gabe, ez ginateke egongo gaur egun gauden tokian. Zoritxarrez, hori ez da islatzen azken urteetan gai honi buruz egin diren azterlan guztietan ematen diren zifretan. Hori horrela, ikerketa ibilbidearen hasierako etapetan (doktoratu aurreko eta doktoratu ondorengo ikasleak), gizonen antzeko zifrak ditugu. Baina, ibilbide zientifikoan aurrera egin ahala, izugarri jaisten da emakumezkoen kopurua; hain zuzen ere, % 22 baino ez dira emakumezko katedradunak. Kristalezko sabaia errealitate egiaztagarri bat da oraindik ere. Okerrena da zifrak ez direla hobetzen eta desparekotasunak bere horretan dirauela.

LG: Oinarrizkoa. Zientziak eta komunitate zientifiko osoak beste begirada bat behar dute, genero joerarik gabe. Baina, aldi berean, sentimendu kontraesankorra dut. Alde batetik, emakume zientzialari asko gara, baina, bestetik, ez da lortu gure kide diren gizonek lortutako aintzatespen maila. Izan ere, gizonezkoei zientzialariak deitzen diete, besterik gabe, baina guri, emakumeoi, berriz, beti eransten zaigu zerbait, zientziako emakumeak edo. Halaber, kosta egiten zaigu onartzea jasaten ditugun desberdintasunak gizarte estamentu guztietako emakume guztiek jasotako berberak direla, eta gure borrokek paraleloak izan behar dutela. Bestalde, ez dugu pentsatu behar, akademian edo ikerketa zentroetan gaudelako, indarkeria jakin batzuk ere ez ditugula jasaten, ez delako hala. Neskak eta emakumeak zientzia egitera animatu ez ezik, zientzia bera aldatu behar dugu, emakumeak bertan seguru sentitzeko eta gaitasun guztiak garatzeko eremua izan dadin. Munduan talentu asko galtzen ari da alferrik, eta hori gabe ez da lortuko Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuen ibilbide orrian jasotako erabateko garapen eta ongizaterik.


Zein da emakumeen etorkizuna mundu honetan? Zer aldarrikatu beharra dago etorkizun hori hobetzeko?


IA: Egoera hau ez da aldatuko aldatzeko benetako borondaterik ez badago. Horretarako, ekintza instituzional irmoak egin behar dira, emakumezko zientzialari gazteen ibilbideak sustatzeko programa zehatzak bilduko dituztenak. Gainera, aldaketak egin behar dira ikertaldeetan eta horiek kudeatzeko moduan, eta ikerketa proiektuetako buru izateko aukera eman behar zaie emakumeei ibilbidearen hasierako etapetan, emaitzak komunitate zientifikoari aurkezteko uneetan, eta abar.

Genero berdintasuna sustatzea UNESCOren lehentasunezko xedeetako bat da; buru-belarri ari da lanean neskak eta emakumeak hezkuntzaren eta prestakuntzaren sektore guztietara sar daitezen, haien garapen pertsonal eta profesionala geldiarazten duten oztopoak ezabatzeko eta haiei aukera emateko bizitza kulturalean, hedabideetan eta zientzietan ordezkaritza hobea izan dezaten. Euskampusek ere babestuko du genero berdintasuna Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumezko ikertzaileen lana sostengatuz. Jar dezagun agerian lan hori.

LG: Zientzian kontuan har gaitzaten behar dugu emakumeok, bai ezagutza sortzen duten pertsona aktibo gisa, bai saiakuntza klinikoetan, tratamendu eta proba diagnostikoen garapenean eta abarretan aztertu beharreko pertsona gisa. Hori ez egiteak ezagutza lerratua eta ebidentzia zientifiko handirik gabea sortzen du ondorioetan. Ikerketa proiektuek ikuspegi desberdina izan behar dute, egungo eredu androzentriko lehiakorretik urrun dagoena, eta ikuspegi kolaboratiboago batera aldatu behar dute, eta errealitate sozial, kultural, genero eta arraza errealitate eta abarretara irekiago. Horrela bakarrik lortzen dituzte ikerlanen emaitzek benetako ebidentzia zientifikoak, eta ez esterotipoen mendekoak, azkenean gizarteari kalte larria eragiten diotenak.
Etorkizuna? Presentean fabrikatzen da, eguneroko ekintzen bidez. Gugan dago fokua, baina gizonen inplikazioan ere jarri behar da, aldaketarekin bat egiteko eta horretarako jarduteko inplikazioan, ezin baitute jarraitu beste alde batera begiratzen…



UPV/EHUko Ikertaldea: Estrategias moleculares para controlar la diseminación de resistencia a antibióticos (CONJURA)

IN: Itziar Alkorta Calvo

Ikertzaile emakumezkoak: Emma González Peral, Ana Rey, Sara Arrieta, Nagore Santos.

UPV/EHKO Ikertaldea: Acinotebacter Baumannii Research Group

IN: Lucía Gallego

Ikertzaile emakumezkoak: Arrate Prado, Sandra Sánchez Urtaza.

 

 

 

 

 

 

 

Harpidetu Newskampus boletinera

Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut.