GAR Euskampus Adimen Errendimendu Handiko Taldeak proiektuak STEAM Euskadi zigilua lortu du

2020/07/30 10:35:00 GMT+2

GAR Euskampus Adimen Errendimendu Handiko Taldeak proiektuak STEAM Euskadi zigilua lortu du, Euskadin STEAM hezkuntza sustatzeagatik. Batzorde Tekniko batek ematen duen zigilu bat da, eta batzorde horretan daude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Centre de Recerca per a l'Educació Científica i Matemàtica (CRECIM) eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia. 133 hautagaitza aurkeztu dira lehenengo ediziora. Zigilua jasotzen dute STEAM Euskadi estrategiaren helburuak hobekien betetzen dituzten egitasmoek.

 

GAR Euskampus proiektua sortu da INTERACekin elkarlanean, helburua izanik bokazio zientifiko-teknologikoak piztea “gaitasun handiak” dituzten neska-mutikoen artean.

Gaitasun horiek egoki erabiltzen ikasi behar dute bai gaztetxoak bai haren ingurukoek, baztertuta sentitu ez dadin, ingurura hobeto egokitzeko eta eskolan ikaskuntza erritmo egoki bat izateko.   

Sarri askotan, neska-mutil hauek estimulu falta izaten dute eta ez da behar den neurrian sakontzen komeni zaien xehetasun mailan. Ondorioz, a priori abantaila izan zitekeena kaltegarri bihurtzen da, ez bakarrik gaztearentzat, baita ikastaldearentzat, familiarentzat eta ingurukoentzat ere. Arazoa are larriagoa da nesken artean: oro har gizartean gertatzen den bezala, rol jakin batzuekin identifikatzeko joera dute, historikoki urrun egon direnak zientziatik, teknologiatik, matematikatik edo ingeniaritzatik, den-denak estimulu eta motibazio aldetik ekarpen handia egin liezaieketen diziplinak. 

GAR programak aukera eman nahi die 8 eta 15 urte bitarteko neska-mutilei esparru eta lanbide berriak deskubritzeko, erronka zoragarriei erantzungo dietenak –ikusezinak batzuetan gehiengoaren begietara–, askotariko diziplina zientifiko-teknologikoetatik. Zehazki, saio esperimentalak dira, non talde txiki batek (22 gaztetxo) profesional eta ikertzaile zientifikoekin elkarrekiten duen. Azalpen saio batzuen bidez, zientzialariek erronka batzuk planteatzen dizkiete, jarduera praktikoen bidez ebatzi beharrekoak.

STEAM GAR

 

Gazteek bertatik bertara ikusten dute zer-nolakoa den hainbat diziplinatako (matematika, ingeniaritza, fisika, biologia, medikuntza, etab.) profesional espezializatu baten egunerokoa, halako moldez, non saio bakoitzak bokazio profesional berriak sor baititzake, arreta berezia jarrita neskengan. GARak matematika edo fisikako doktoreek eman dituztenean, deialdiak harrera hobea izan du beste diziplina batzuetan baino, eta horrek esan nahi du, formatuarekin asmatuz gero, gai hauek liluragarriak izan daitezkeela neska-mutilentzat.

Hizlari gisa aritzen diren emakume zientzialarien ratioa gizonena baino handiagoa da, neskatoek aurki ditzaten, interesgarriak diren gaiak ez ezik, baita beren zereginean profesional sutsuak diren rol femeninoak ere.

Zehazki, honela laburbildu daitezke programaren helburu nagusiak:

  • Atea irekitzea gazteen interesa pizten duten ezagutza esparru berriei, aukera izan dezaten informazio berriak eskuratzeko eta, batez ere, esperimentatzeko eta nahi dituzten galderak egiteko saio bakoitzaren gaian lehen mailako adituak diren zientzialariei.
  • Gaietan sakontzea neska-mutikoek behar duten mailan, pizgarri batekin: hau da, galdera guztietan erantzuna berehala jasotzen ez badute, esango zaie zein dituzten informazio iturri edo bilaketa biderik onenak erantzunera iristeko.
  • Ikaskuntza prozesua metodo zientifikoan eta esperimentalean oinarritzea, eta tresna eta sistematika erabilgarriak ematea GAR saioetatik harago beste esparru batzuetan sakontzeko modua izan dezaten.

 

Proiektu honetan, EUSKAMPUS Fundazioak lankidetzan dihardu ADACI (Adimen Gaitasun Handien Garapenerako Elkartea), UPV/EHU, INTERAC (Esku hartzea gaitasun handiak dituzten adingabeen alorrean), Ikerbasque eta Tecnaliarekin. 2020-2021 ikasturtean erakunde berriek proiektuarekin bat egitea espero da.

Informazio gehiago.

 

Harpidetu Newskampus boletinera

Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut.